Eskulangile sorgindua
Mende erdiko lanari esker, gizartearen agote konplexua harrotasun bihurtzea
lortu du Xabier Santxotenak
JAURENA, Isabel
Kolore more iluneko lore sorta dago mahai gainean, aurrean, 70 urte inguruko gizon bat. Urte
luzez lanean aritu diren esku leunek landarearen petalo bakoitza samurki aztertzen dute, zati
ederrena barneko hutsunea dela azpimarratuz. Gizonaren mugimendu eztiak eta hitz-jarioak
edonor sorgintzeko modukoak dira. Esku horiek bada, badira sorginduak nolabait,
engainatzen dute, normalean, begiak arimaren isla diren moduan, eskuak, esperientziarenak,
egindako lanarenak dira. Baina gaurkoan desberdin da, bulegoan zortzi orduz diharduen
langile baten hatzamarrak dirudite, finak, aparteko zauri edo lan zantzurik gabeak, baina
errealitatetik urrun dago baieztapen hori. 50 urtez egurra maiz landu duen gizona da Xabier
Santxotena, eskulturak egiten ditu. Naturak ematen duen hori leuntzen du, eta aldi berean,
horrek ditu leuntzen bere eskuak. Atzean duen lorategian beste hainbeste landare baditu ere,
ez du begirada loretik urruntzen eta Oteizaren “huts” delakoa ekarri du gogora, aunitz desio
den zerbaiten gabezia.
Gizakiak arrazionalagoa edo sentimentalagoa izateko joera omen du, burmuineko eskuineko
edo ezkerreko hemisferioak pisu gehiago izanik eguneroko erabakiak hartzerakoan.
Santxotenaren burmuinean ordea, bi aldeek maila berdinean agintzen dute. Bere bizitza
profesional nahiz pertsonaleko bi erreferente direlarik zati horietako bakoitzaren jabe.
Ezkerrean, Jorge Oteiza euskal eskultorea, arrazionala, neurtua; eskuinean, Henry Moore
britainiarra, abstraktuaren aldekoa, organizista. Egunerokotasunean bi maisuak ditu gogoan,
eta bi-bien ezaugarriak jarraitzen ditu. Denboraren kudeaketan adibidez, metodikoa da,
ordutegiak maite ditu: astelehenetan, asteartetan eta asteazkenetan egurra lantzen du, ostegun
goizetan zeramika, arratsaldetan burdina eta ostiraletan berriz, zirriborroak egiten ditu. Ahal
duenean irakurtzeko tarteak ere topatzen dituela aitortu du gizonak: “Irakurtzeko espazio bat
behar duzu eta irakurketak berak gauzak iradokitzen dizkizu”. Lan egiteko momentuan ordea,
askeagoa da, ez da hain zorrotza, emozioek, naturarekiko duen maitasun eta loturak gidatzen
baitituzte bere eskuak. Organizista da.
- Zer da organizismoa?
- Organizista naturaren forma da, natura da maisua, hura da formak dituena. Sortzea
eginda dago, imitazioa da. Jada, dena dago naturan. Oso alor berezia dut nik,
naturarekin asko lan egiten dut. Han, parkean, badira eskultura batzuk, enborrak dira,
garbitu ditudanak. Ez da enbor soil bat, naturaren sorkuntza bat da.
Naturarekiko duen maitasuna eta honekiko lotura ukaezinak dira, Euskal Herrian dituen
parke- eta tailer-museoa belardi eta zelaien erdi-erdian, ipuineko kokalekuetan baitaude.
Bi-bietan loratu du bere gaitasuna Santxotenak. Teresa Lafragua emaztearekin batera, 1998an
ireki zuen lehenbiziko museoa, Gorrienea. Nafarroan dago, Baztango Bozate auzoan.
Santxotena familiaren etxea den heinean, agoteen egoitza tradizionala garbi ikusi daiteke
bertan, denboran izoztuta gelditu den bizimodu baten isla da. Bost urte beranduago, 2003an,
auzo berdinean Santxotena Museoa eraiki zuten. Natura eta eskultura uztartzen dira,
artistaren obra desberdinek parke guztian zehar ibilbide bat osatzen dutelarik. 2010ean
inauguratu zuten azken egoitza, Artziniegan kokatutako tailer-museoa hain zuzen ere.
Santxotenaren hitzetan, bertan gertatzen da bere obren “genesia”, han hasi eta bukatzen dira
artelanen eraikuntzak, prozesu guztia ikusteko aukera eskaintzen duten bisita gidatuak egiten
dituzten tailerrean. Mundu mailan bizitako pandemiak gogor astindu zuen kultura, baina horri
aurre egiten jakin zuen eskultoreak, bere erranetan, Lafraguaren ideia izan zen berrogeialdian
“artea kalera ateratzea”, eta harro agertu da artista ekintza hori burutu izanaz: “Gu izan gara
bakarrak”. Haurrak ziren xede taldea, eurentzat tailerrak argitaratzen zituzten Facebook
bidez, kartoiarekin edo paperarekin eskultura txikiak egiten erakusten zieten. Hainbeste
murgildu zen Santxotena lanean, ezen ikastaro horietan egindako eskulturetako bat eskala
handiago batera eraman, altzairuan egin eta Bozatera eramateko zain dagoela. Nola edo hala,
inspirazioa nonahi topatzen du artistak, beti ere lanean dabilela, argi utzi baitu ideiak ez direla
tabernan etortzen.
Baztanen ez zituzten agoteak maite, gizarteak guztiz baztertzen zituen, hain zuten gorroto
auzo hura eta bertan bizi zirenak, Bozate bera izendatzeko esaera zahar bat ere asmatu zutela:
Bozate, deabru guztien hortzen ate. Haraneko belardi, zuhaitz eta ibaien artean kokatutako
museoak oihartzun handiko proiektuak diren arren, hasiera ez zen erraza izan, Bozateko auzo
guztia bai museoaren eta baita parkearen kontra agertu baitzen, ez zituzten aspaldiko mamuak
gogora ekarri nahi, nahikoa jasan zuten. Parkean pintadak izan zituela adierazi du
baztandarrak. “Utzi auzoa bakean” bezalako esaldi bortitzek estaltzen zituzten kulturguneko
paretak. Isilik gelditu da, ez du astakeriarik esan nahi, egokiak diren hitzak topatu nahi ditu.
Baina, amorrua. Amorrua hauteman daiteke bere begietan. “Han, nahi duguna eta gehiago
jasan dugu, baina fruitua eman du, eta fruitua eman izanaz harro nago, jendeak ikusi dezala,
nortasuna izan dezala”. Auzotarren atseginekoa ez bazen ere, museoak eta parkeak agoteen
ahotsa berreskuratu dute, urte luzez kendu zitzaien ahots hura. - Zein presentzia dute agoteek zure obretan?
- Zentzu osoa. Agoteen mundua… hemen ezjakintasun ikaragarria badago. Ez da ezer
ezagutzen. Agoteak sorgindutako arraza bezala ezagutzen dira, ijito bezala,
gutxietsiak.
Baztandarra da Xabier Santxotena, Bozatekoa, agotea. 1946. urtean jaio zen, arraza horrekiko
diskriminazioa hain ageria ez zen garaian. Bere arbasoak ordea, bazterketa sozialaren biktima
izan ziren, gainerako baztandarrekiko zituzten desberdintasun zibil eta erlijiosoak zirela
medio. Lur eta etxeen jabe ziren herritarrek euren etxeetan haraneko armarria izateko
eskubidea zuten, hortaz, baserririk xumeenean ere armarria topatu daiteke. Bozaten aldiz
agoteak bizi ziren, arraza sorgindua bezala ezagututako kolektiboa, han ez dago armarririk,
bertakoek ez baitzuten lur jabegorik. Elizan ere gainerako herritarrengandik bereizita egon
behar zirela adierazi du Santxotenak: “Beheko txokoan sartuta”. Begiak ilundu zaizkio
esaldia erratean, momentu batean hitzok iraganeko txoko ilun hartara eraman baliote bezala.
Baina baztandarraren erranetan, “desberdintasun handiena eta krudelena hilerria zen. %95a
bedeinkatuta eta %5a bedeinkatu gabe. %5ean aberrigabeak, suizidak, atzerritarrak, ijitoak,
juduak, emagalduak eta agoteak ehorzten ziren”. Ziztu bizian zerrendatu ditu kolektibo
baztertuak, ongi daki nor ziren, ongi daki zer erantzun, ongi daki nola erantzun, hamaika
elkarrizketetan berdina errepikatu izanen baitu seguruenik. Urte luzez aritu da Santxotena
bere herriaren defentsan eta munduak agoteei buruz duen ezjakintasunari astindu bat eman
eta jakintasun bihurtu nahian. Berak ikasitako guzti hori besteei transmititzeko asmoz,
2018an El orgullo de ser agote liburua argitaratu zuen, Josu Legarretarekin batera. Liburuan,
agoteen historiaren 1.000 urte laburbiltzen dira.
Mendeetako errepresio horrek ondorioak izan ditu haranean, baina Santxotenaren lanari
esker, poliki-poliki lotsa harrotasun bihurtzen hasi da, jende gazteak bere jatorriaren berri
izan nahi baitu. Estatu mailan ere eragina izan du nafarraren lanak, duela gutxi Madrilgo bi
mutilek Txiki, el agote liburua bidali ziotela adierazi du gizonak ilusioz. Istorioa zein den
kontatu nahian dabil, baina maskara eta barre artean galdu dira bere hitzak. Umore oneko
gizona da. - Zergatik uste duzu konplexu sentimendua harrotasun bihurtu dela?
- Behin eta berriro gai hori ateratzea da. 24 urte daramazkigu zabaltzen, zabaltzen eta
zabaltzen. Nahi ala ez badago horri buruzko jakinmina.
Agote izategatik harrotasuna eta aldarrikapen sentimendua aspalditik daude presente
Santxotenaren bizitzan. Hainbeste maite duen natura ez bezala, sentimendu hori hilezkorra
da, ideiak ez baitira desagertzen, transmititu baizik. Hala egin du baztandarrak, 14 urteko
biloba, Bozate guztia baino agoteagoa dela adierazi du harrotasunez eta aspaldiko esaera bati
men eginez: nolako egurra, halako ezpala. Samurki hitz egiten du bilobaz, maite duela nabari
da, uneoro familia gogoan du nafarrak. Sustrai sendo horiei jarraituz, eskulturak egiteko
naturaren formaz baliatzen da eta nahi gabe, lan hori poesia bihurtzen du. Baina bere bizitza
ez da idilikoa, zenbait erronka izan ditu, hala ere, horiek ere poesia bihurtzea lortu du.
Lehenbiziko poema iloba hil zitzaionean idatzi zuen, berriz ere familia gogoan. Gabon
gauean izan zen istripua, hilketa-elizkizuna berriz, eguberri egunean. Autoa hartu, alde egin
eta idazten hasi zen Santxotena. Gertatutakoa, sentitzen zen modua hitzekin irudikatzen hasi
zela aitortu du gizonak, eta ausarta izan zela azpimarratu du tristura ezkutatu nahian:
“Imajinatu zein ausardia izan nuen, poema mezan irakurri nuela”.
1969an ezagutu zuten Jorge Oteiza eta Xabier Santxotenak elkar, baztandarraren El Portalón
jatetxean. 1980az geroztik sukaldari lanetan ibili zen, inork ezer erakutsi gabe egindako
eskultura lanak jatetxean erakusten zituen bitartean, bost zentzuak garatzeko abagunea zen
hura. Oteiza izan zen nafarra eskultura eta poesian modu profesionalago batean murgiltzera
animatu zuena. Hark lagundu zion aspalditik bere baitan zegoen eskulangile sena garatzen.
Zuhaitz bat lurpetik irten baino lehen sustrai sendoak indartzen dihardu denbora luzez, hala
egin zuen Santxotenak ere, bere jakinmina sendotu nahi zuen, berak erraten duen moduan,
“ofizio” bat nahi zuen. Horrela, 1973an Arte eta Ofizio ikasketei ekin zien eta 1997an utzi
zuen sukaldaritza. Sustraitzen Oteizak lagundu bazion ere, txikitatik bere baitan darama
eskultura eta poesiaren sena, antzinatik eskulangintza landu duen familiatik baitator. - Nola hasi zinen eskulturarekin?
- Nire arbaso guztiak zizelkariak, zurginak izan dira, beti landu izan dute egurra,
barnean daramazun zerbait da. Txikitan, tailerrera jaisten zinenean, txirbilaren
usaina… esentzia bat da, artistikoki etxean ikusi dut hori. - Zein prozesu jarraitzen dituzu eskultura bat egiterakoan?
- Kontzeptu bat, ideia bat, istorio bat edo gai bat hiru dimentsiotan irudikatu nahi duzu
lehenik. Ideiatik, hiru dimentsiotan irudikatzen da, zirriborro bat egiten duzu eta
zirriborro horretatik aldaera desberdinak egiten dituzu. Bi, hiru, lau egiten dituzu eta
gehien liluratzen zaituena aukeratzen duzu. Ondoren, nahi den neurrian handitzen
duzu eta nahi duzun materialarekin.
“Txirbilaren usaina” errepikatu die 74 urteko gizon ilezuriak tailerrean dituen bost bisitariei,
emakume baten buru erraldoi baten inguruko azalpenak ematen dituen bitartean. Diskurtsoak
errepikatzeko joera du, hitz egokiak erabiltzen ditu deskribapenak egiteko, inprobisazioa ez
du adiskide. Zizel, mailu, zerra eta beste hamaika zurgin tresnez gainezka dago tailerra, baina
inork gutxik egiten die jaramonik, gonbidatuak liluratuta baitaude, sorginduta, tailerreko
giroan usaindu daitekeen txirbilaren lurrinak maskara zeharkatzen dien bitartean.
Lehenbiziko euskara irakaslearena da tailerraren erdigunean kokatuta dagoen buru hori,
aurpegia amaituta du, orain “ileapaintzaile lanetan” dabilela adierazi du eskultoreak barre
artean. Historikoki, emakumeak bigarren planoan, itzalean egon direla azaldu du, baina
Euskal Herria matriarkala den heinean –Mari jainkosak berebiziko garrantzia du- eurak direla
agintzen dutenak. Hitzok erran bezain pronto, gelaren beste aldean, atzean, dagoen bere
emazte Teresa Lafraguak maskara ongi jartzeko agindu dio. Hitz eta ekintzen arteko
koordinazio horrek ia antzeztutakoa dirudi.
Ikustaldiarekin jarraitu du baztandarrak, gelatxo batean sartu da, bisitatzaileek zintzo
jarraitzen dioten bitartean. Bozgorailu handi bat du mahai gainean, apaletan berriz, diskoak.
Tailerrean dagoenean musika oso altu entzuten duela aitortu du, horrek dio laguntzen, bere
atmosfera sortzeak. Berrogeialdian haurrentzako tailerretan egindako eskultura txiki guztiak
gordetzen ditu, baita beste ikastaroen obra guztiak ere, bere lanaren fruitu denak, hunkitua
dago, pieza horietako bakoitzak oroitzapen bat baitu, momentu bat. Zuhaitz baten adina
jakiteko enborra horizontalki moztu eta zenbat eraztun dituen kontatu behar omen da,
enborrean gelditzen dira betirako arrastoak, jasandako sute, uholde eta izurrite guztienak.
Santxotenaren kasuan, eskulturak eta poemak begiratzearekin nahiko da, ehundaka ditu.
Horiek dira bere eraztunak, horiek dira bere bizitzaren fruitu, horiek dira bere arrastoa.
Larunbata da, denbora gutxi barru eguzkia desagertuko da Artziniegako zeru urdinetik,
iluntasuna, hutsunea jabetuko da herriko kale estuetaz. Bitartean, herri sarreran dagoen
tailer-museoaren atarian, Xabier Santxotena dago, betaurrekoak eta maskara jantzita dituela.
Astero legez, egurra, zeramika eta burdina landu ditu jada eta zirriborroak atzo egin zituen
baztandarrak. Bisitariak joan dira, etxeratze-agindua hurbil baita. Kanpoko belardia begiratu
du, oraingoan naturak du bera sorgindu; loreak, zuhaitzak eta agoteak gogora ekarri ditu.
Harro da, harro da urteetako lanak fruituak eman izanaz, baina sustraiak sendotzen jarraitu
nahi du, aunitz desio duen horren gabezia hornitu nahi du eta lorategirantz abiatu da
naturaren sorkuntzak mirestera. Nork daki, beharbada inspirazioa topatuko du, lan-ordutegitik
kanpo badago ere lanean jarraitzen baitu.